Larresoron, prefeturak euskarazko karrika izena zentsuratu du

Uztailean aho batez onartutako bide-izendapen bati buruzko erabaki soil bat tentsio-iturri bilakatu da Pirinio Atlantikoetako prefeturarekin. Auziaren arrazoina: karrika bati euskaraz eman zaion izena. Larresoron hamar urtez indarrean izan den eginmoldea da, baina Estatuak, orain, praktika hori bera dudann ezarri du.

1982ko martxoaren 2ko deszentralizazio legeak herriko etxeei eman zien, besteak beste, beren karriken izenak hautatzeko eskumena.

2016ko delibero baten bidez, Larresoroko herriak erabaki zuen tokiko toponimia lehenestea udalerriko bideak izendatzeko. Gehienetan, bide horiek zerbitzatzen dituzten edo haien jatorrian dauden etxe eta etxalde zaharren izenak dira. Hamar urtez errotutako eginmoldea da, inoiz auzitan jarri ez dena eta herritarrek, aspaldikoek nahiz etorri berriek, arrunt bereganatua dutena.

2026ko uztailaren 7an, Herriko Kontseiluak aho batez onartu zuen lehendik «Orgilaneko Bidea» izena zuen bide baten luzapena. Administrazio erabaki arrunta zen, azken hamar urteetan herrian egin izan denaren ildo beretik.

Prefeturaren zentsura

Agorrilaren hasieran, Pirinio Atlantikoetako prefeturako idazkari nagusiak gutun bat igorri zion herriko etxeari, eta agindua eman zion deliberoa atzera botatzeko. Konstituzioaren 2. artikulua («Errepublikaren hizkuntza frantsesa da») eta 1994ko agorrilaren 4ko «Toubon legearen» 3. artikulua aipatu zituen. Azken horren arabera, frantsesaren erabilera derrigorrezkoa da bide publikoan herritarrak informatzeko diren inskripzioetan.

Prefeturaren ondorioa argia da: uztailaren 7ko deliberazioa kendu behar da, eta haren ordez frantsesa eta euskara uztartzen dituen izendapen bat ezarri.

Herriko etxeak ohartarazi zuen «Orgilaneko Bidea» izena bera 2016ko delibero batean onartua izan zela. Prefeturak, agorrilaren 19an bidali erantzunean, argitu zuen 2016ko delibero hori ere «irregularra» zela, arrazoi berengatik. Bere garaian kontra egin ez ez izanak «ez du legezko bihurtzen», prefeturaren arabera.

Are gehiago, prefeturak adierazi du galdegin duen atzera egitea «herriko bide-izendapen guztiak erregularizatzeko parada» izan daitekeela.

Itxuraz xehea den esaldi horrek auziaren dimentsioa aldatu du. Bide bakar baten izenari buruzko desadostasunetik harago, prefeturak Larresoroko seinaletika osoa berrikusteko xedea du, herriak bere

karrika eta bideen izenak hautatzeko duen askatasuna dudan emanez. Euskararen ikusgarritasunari eta espazio publikoan duen tokiari dagokionez, atzerapausoa litzateke.

Herriko Kontseilua presiopean

Gaia irailaren 15eko Herriko Kontseiluaren bilkuran aztertu zen. Bozketa aitzin, «Mintza Larresoro!» oposizioko taldeak prefetaren eskaerari ez amore emateko eskatu zuen, eta herriaren hautua eta euskarazko seinaletikaren arloan azken hamar urteetan erabilitako jardunbidea errespetatzeko.

Taldeak erabakia presaka ez hartzeko ere eskatu zuen. Gogorarazi zuen Ipar Euskal Herriko hainbat herri, aldi berean, Estatuaren zerbitzuekin arazoak izaten ari direla euskararen inguruan. Horren aitzinean, tokiko hautetsien artean koordinatutako erantzuna egokiagoa litzatekeela defendatu zuen, auzi bakoitza herriz herri eta berex aritu ordez.

«Euskarazko toponimoak herrian integratzeko lehen elementuetako bat dira», adierazi zuen taldeak. «Etorri berriei lurraldean kokatzen laguntzen diete, lekuen historiaz galde egitera eta hura ulertzera bultzatzen dituzte. Horregatik, loturak sortzen dituzten elementuak dira.»

Azkenean, gehiengoak prefeturaren eskaerari erantzutea erabaki zuen: 16 bozka alde, abstentzio bat eta «Mintza Larresoro!» taldearen bi bozka kontra.

Horren ondorioz, izendapen berria «Impasse Orgilaneko Bidea» izanen da. Frantsesezko termino generiko bat gehitu zaio euskarazko toponimoari, orain arte herrian erabilitako toponimiaren aurka.

Larresoro ez da kasu bakarra

Larresoroko auzia ez da bakana. Uda honetan bertan, Pirinio Atlantikoetako prefeturak Paueko Administrazio Auzitegiaren aitzinera eraman ditu Baionako eta Sarako Herriko Kontseiluek hartutako deliberoak. Erabaki horiek euskara beren lurraldeko hizkuntza gisa ofizialki aitortzen dute; Baionaren kasuan, gaskoiaren aitortza ere jasotzen du.

Azken asteotan, beste hainbat herrik ere antzeko deliberazioak onartu dituzte.

Larresoroko kasua, itxuraz apalagoa, erakusgarri da: tentsio bera heltzen ari da anekdotikoa dirudien gai batera, hots, karriken izenetara.

Banaka hartuta, auzi horietako bakoitza xehetasun huts bat dela pentsa daiteke: karrika baten izena, herriko delibero bat, aitortza sinboliko bat. Baina auzi horien metaketak sakoneko joera bat erakusten du.

Seinaletikaren eta lurraldeko hizkuntzei buruzko deliberoen ondotik, azken hilabeteotan antzeko tentsioak agertu dira beste hainbat arlotan ere, kulturari, erakundeei edo euskal identitatearen adierazpenei loturik.

Beraz, Larresoroko kasua karrika baten izenaren auzitik harago doa. Estatuak euskararen aitortza publikoari ezartzen dizkion mugak nola gogorarazten dituen erakusten du.

Horregatik, Euskal Konfederazioak azaroaren 21ean Baionan deitu duen manifestazioarekin bat egiten dugu, euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko.