Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (GIEC frantsesez) argi eta garbi erraten digu: gaur egiten ditugun hautuek biharko egunean eragina dute. Klima aldatzen ari da, baina orain badakigu zer egin eta baditugu aritzeko baliabideak.
Datozen urteak aukera ederra dira gure ohiturak emeki emeki, elgarrekin, hobetzeko, gure ingurunea babestu eta bizi-kalitate goxoa mantentzeko.
Gurea bezalako herri batean, ekintza bakoitzak balio du. Gure paisaiak, gure natura, gure laborantza eta gure bizi-kalitatea aberastasunak dira. Horiek zaintzea eta, aldi berean, gure seme-alaben etorkizuna prestatzea, guzien ardura partekatua da.
Horregatik, Larresororako 2026-2032 Trantsizio Ekologiko eta Solidarioaren Proiektua proposatzen dugu, lurralde mailako ildo nagusietaz inspiratua eta gure herriaren errealitateari egokitua: gure baliabideak, gure gaitasunak, gure erritmoak eta gure nahiak kondutan harturik.
Lurralde mailan, Euskal Hirigune Elkargoak Klima Plan ausarta onartu du, 2030erako helburu argiak ezarriz:
- Negutegi-efektuko gasen emisio osoak %19ra murriztea 2030erako, eta %56ra 2050erako, gaur egungo mailarekin konparatuta, gure mugikortasuna, etxebizitzak, ekonomia eta bizimoduak eraldatuz.
- Energia-kontsumoa %16ra murriztea 2030erako eta %49ra 2050erako, energia-xumetasunaren eta eraginkortasunaren bidez.
- Tokiko energia berriztagarrien partea %30era igotzea 2030erako — gaur egun %12 inguru delarik — eta 2050erako %100 energia berriztagarri lortzea.
Gure herria lurralde-dinamika honetan osoki kokatzen da. Helburua da hemen, Larresoron, lurralde bizi, solidario, iraunkor eta energia-xumearen eredua sortzea, erronka globalak modu zehatzean gainditzeko gai izanen dena.
Trantsizio hau ez dugu zatika eta beharturik jasan nahi; aukera bihurtu nahi dugu:
- Xahuketa murriztea, gastuak arintzea da;
- Energia-menpekotasuna ttipitzea, autonomia irabaztea da;
- Zirkuitu laburrak garatzea gure lurraldearen erresilientzia eta bizitasuna indartzea da.
Hona hemen gure tokiko trantsizio-ardatz estrategikoak, herritar guziekin batean gauzatu beharreko ekintza zehatzak eta, bereziki, gure herriaren etorkizuna elgarrekin eraikitzeko gomita.
1. ARDATZA – BIDEA ERAKUSTEN DUEN HERRI BERRITZAILEA
Ondare publikoan eta herriko zerbitzuetan ekintzak
1. Eraikin publikoen berrikuntza eta energia-eraginkortasuna
- 2026tik aitzina energia-diagnostiko osoa (energia-azterketa eta eraikinen potentzialen azterketa – ELENA programa)
- Autokontsumo kolektiboaren garapena sustatu (adibidez: Ekindar kooperatiba, Hazparnen)
- Tokiko hornitzaile baten hautua
Helburua: herriko ondarean energia-kontsumoa %40az murriztu
2. Uraren, lurren eta biodibertsitatearen babesa
Gure bizi-ingurunea aberastasuna da; zaindu egin behar dugu. Ingurumena babestea gure osasuna eta gure haurrena babestea da.
- Eskolako korralea eta aparkalekua desgudronatu eta berdegune bihurtu
- Eraikin publikoetan euri-ura bildu
- Herriko zerbitzuen ur-kontsumoa %20ez murriztu
- Hezeguneen babes aktiboa
3. Mugikortasuna eta elkartasuna herrian
Autoarekiko mendekotasun ttipiagoa eta gizarte-lotura handiagoa duen herria nahi dugu.
- Uztaritze, Kanbo, Itsasu eta Ezpeleta lotzeko bide partekatuak egokitu
- Etxe eta eskola arteko ibilbideen segurtasuna bermatu (oinez eta bizikletaz)
- Elkarlaneko autobus/garraio zerbitzuen segipena eta garapena
- Herriko auto-partekatze zerbitzua
2. ARDATZA – HERRITARRAK, ENPRESAK ETA LABORARIAK LAGUNDU
Trantsizio partekatua eta solidarioa
Trantsizioa ez da agindu bidez ezartzen: herritarrekin eraikitzen da. Gainera, ez da zama gehigarri bat izan behar, aukera bat baizik.
1. Herritarrei fakturak murrizten lagundu
Neurri hauek martxan emanen ditugu:
- Herriko aholkularitza-guneak energia-berrikuntzarako
- Erosketa-taldeak (isolamendu-materialak, eguzki-panelak)
- Energia berriztagarrien proiektu indibidual eta kolektiboei laguntza
→ Tokiko autokontsumo-zirkuitu baten garapena (Izpindar – Ekindar)
- “Energia-xumetasuna” tailerrak
- Berrerabilpena eta konponketa sustatu
Tokian ekoizteak eta kontsumitzeak gure autonomia indartzen du.
2. Herritarrei hitza berriz eman
Ekimen hauek abiaraziko ditugu:
- Trantsizio ekologikorako aurrekontu parte-hartzailea
- Urteroko herritar-tailerrak (adibidez: “zero hondakin” familien erronka)
- Energia-pobrezian dauden familientzako herriko laguntza-funtsa
3. Laborantza, tokiko elikadura; enpresak eta artisauak
Gure artisauak, merkatariak, enpresak eta laborariak Larresororen bizkarrezurra dira.
Kostuen igoeraren eta ingurumen-eskakizunen parean, ez dira bakarrik egon behar.
Trantsizioa ez da zama gehigarri bat izan behar; aukera bihurtu behar da.
Honetarako ariko gira:
- Zirkuitu laburrak indartu
- Ekoizleen azoka garatu
- Baratze partekatuak sortu
Eta proposamen hauek eginen ditugu:
- Borondatezko tokiko gutuna, engaiatutako enpresak balioztatzeko
- Hondakinen murrizketari eta balorizazioari buruzko lan kolektiboa
- Dauden laguntza-mekanismoetara heltzeko laguntza zehatza
Gure engaiamendua:
Larresoro herriaren mailan trantsizio ekologiko zehatza, mailakatua eta solidarioa!
