Etxebizitza eta antolaketa

Gure engaiamendua herri bizi, iraunkor eta solidario batentzat

Larressorok bizitzeko toki goxo bat egon behar du: zaindutako lurraldea, dinamikoa eta denentzat bizitzeko atsegina. Gaur egungo erronkei erantzuteko, — lur-presioa, mugikortasuna, bizi‑koadroaren zaintzea — 3 lehentasun ezartzen ditugu: urbanizazioa kudeatu, gure bizi‑ingurunea babestu eta joan-etorriak errextu.

  • Urbanizazioa kudeatu, herri atsegin eta bizia bermatzeko. Herria bizirik atxikitzeko eta etxebizitza duin eta eskuragarria guztiontzat ziurtatzeko, etxebizitza iraunkorraren alde irmoki jokatu nahi dugu, espekulazioari, bigarren etxebizitzei, gain-alokatze turistikoei eta hutsik diren etxebizitzei aurre eginez. Legeak baimentzen dizkigun tresna eta neurri administratibo guztiak erabiliko ditugu, bereziki Etchaniz – Le Meur lege berriak ahalbidetzen dituenak.
  • Gure bizi‑ingurunea babestu: erdigune bizia, lasaitua eta larresoroarrekin berriz pentsatua. Erdiguneak harrera espazioa izan behar du, erabilera guztietara egokitua, segurua eta bizikidetzara bideratua. Bere berrantolaketak — elizako plazatik pilota plazara — espazio lasai eta seguruago bat sortu behar du, atseginagoa eta hobeki partekatua. Autoak oinezkoei eta bizikletei lekua utzi behar die. Bereziki, mugikortasun urriko pertsonentzako, haurrentzako eta adinekoentzako bideak azpimarratu eta segurtatu behar dira. Ekintza horiek herritarrekin elkarrizketan egin behar dira proiektuen urrats guztietan, antolaketek biztanleen egiazko beharrei erantzuten dietela bermatzeko.
  • Joan‑etorriak errextu eta lasaitu, herri iraunkor, eskuragarri eta konektatu baterako. Gure lurraldearen ikuspegia mugikortasun ekologikoago batetan eta bizi‑ingurunearen babes irmo batetan oinarritzen da. Horregatik, joan‑etorri lasaiak, seguruak eta kutsadura gutxiagokoak sustatuko ditugu. Eguneroko ibilbideak segurtatzeko eta errazteko, bizikleta‑bideak garatuko ditugu, bai herri barnekoak, bai herrien arteko loturak, baita garraio publikoetarako sarbideak ere (trena eta Txik Txak). Ekintza guzti horiek Euskal Hirigune Elkargoaren eta Departamenduaren proiektuekin osagarritasunean egingo dira.

Gure nahia : Proiektu honen helburua Larressorok herritarrei ongi etorria egiten dien lurraldea izaten aitzina segitzea da: bizia, etxebizitza eskuragarria eta duina eskaintzen duena, mugikortasun errex eta segurua bermatzen duena, eta ingurumen zaindu batetaz gozatzea ahalbidetzen duena. Proiektu koherentea, eraginkorra eta etorkizunera begira eraikia da, herritarrentzat eta herritarrekin eraiki nahi duguna.

Herriko erdigunea (elizako plazatik pilota plazaraino) berriz antolatu, espazio lasaiago baten sortzeko, herritarrekin elkarrizketan

Gaur egun Larresoroko karrika nagusia sobera okupatzen dute autoek. Ezpeletara, Dantxarinera eta beste norabideetara doazen autoak pasatzen dira, eta ez lukete Larresororen erdigunearen barna pasa beharko, bide egokia eta naturala badelarik, denbora galtze handirik gabe.

Lehen aterabide bat litzateke bide publikoan esku hartzea: abiadura ttipituz, trebesatze-trafikoa mugatuz edo geldituz, eta mugikortasun eztiko garraio-molde ekologikoei lehentasuna emanez (oinez, bizikletaz, errollerrez…).

Mugikortasun Sindikatuarekin elkarlanean, erdiguneko “topaketa gunea” indartzea eta zabaltzea proposatzen dugu, mugikortasun aktiboa lehenetsiz eta autoaren presentzia ttipituz, aparkalekuen ordez biztanleendako gune bizidunak sortuz (pausa tokiak, baratze partekatuak, haur jostalekuak…).

Erdigunea berrantolatzea, beheko plazatik (herriko etxea eta eliza) gaineko plazaraino (pilota plaza) operazio konplexua da, baina beharrezkoa. Ez da biztanleen kaltetan izanen, ezta trafikoa eskoletara, zelaira edo bizi eremuetara eramanez eginen.

Gogoeta orokorra behar da, eta Mugikortasun Sindikatuarekin batera, ibilbidearen aldaketa esperientzia bat proposatuko dugu, segurtasuna eta joan-etorri eztiak hobetzeko.

→ Gakoa izanen da larresoroarrekin, bizilagunekin, erabiltzaileekin eta merkatariekin eginen den elkarrizketa.

Esperimentazio faseak abiatuko ditugu proposamenei zuzenki begiratzeko:

adibidez, hilabeteko lehen igandean autorik gabeko familia-giroko eguna antolatuz, eta arrakasta baldin badu astean behin bihurtuz.

Ondotik, esperimentazioaren eta elkarrizketaren emaitzen arabera, neurri iraunkorragoak proposa daitezke: oinezkoentzat eremuak sortzea eta bizikletarako bide egokituak ezartzea.

Etxebizitza denentzat

Egoera

Larresoro, Ipar Euskal Herriko beste 35 herri bezala, bigarren etxebizitza proportzio gora duen herria da (%20tik gora).

Aldi berean, gazte eta familia anitzek zailtasunak dituzte herrian etxebizitza atzemateko.

Bi ekintza proposatzen ditugu:

  • Eraikuntza berri oro egoitza nagusi gisa bakarrik erabiltzera behartu. Herri-antolakuntza ausarta eta deliberatua defendatuko dugu: etxebizitza hutsen, azpiokupazioaren eta bigarren etxebizitzen gehiegikeriaren kontra, eta aldi berean, etxebizitza sozial gehiago sortuz, erdigunetik hurbil. Tresna bat bada: egoitza nagusiko beharkizuna. PLUi-aren bidez ezarri daiteke, eta gune batean etxebizitza berri oro egoitza nagusi gisa erabiltzera behartzen du. Horretarako, bigarren etxebizitzen proportzioak %20tik gorakoa izan behar du edo etxebizitza hutsen gaineko zerga aplikatu behar duen herria, Larresoroko kasua dena. Beraz, PLUi berriaren eratzean adi izanen gira gune horren definitzeko eta ahal den neurrian zabaltzeko.
  • Bi urte baino gehiago hutsik diren eremu pribatuko etxebizitzak identifikatu, eta ondotik jabeekin harremanetan jarri, etxe horiek urte osoko alokatze merkatuan berriz ezartzen laguntzeko.

⟶ Beharra:

Larresoron etxebizitza anitz hutsak edo turismorako alokatzera bideratuak dira. Jabeekin harremanetan jarriko gira etxebizitza horiek urte osoko alokairuan ematera bultzatzeko.

Etxebizitza gehiago merkatura ekartzea funtsezkoa da, eskaintza ttipitzen ari baita eta eskaerak gora egiten baitu. Horrek lagunduko du krisiari aurre egiten eta merkatu lokala egonkortzen.

⟶ Jabeentzat aukera bat:

Jabe anitzentzat urte osoko alokatzea arriskutsua eta konplikatua izan daiteke, eta irabazi guttiago ekartzen du.

Haatik, Echaniz lege berriak eta gobernuak prestatzen dituen neurriek aukera berriak ekarriko dituzte. Horrek urte osoko alokatzea errentagarri eta egonkor bilakatzen du, bereziki tentsio handiko eremuetan nun alokairuak ez diren apaltzen.

Etxebizitza huts baten jabe izateak kostu handiak ditu: zergak, mantenu gabeziak eta diru-sarrerarik ez. Aldiz, urte osoko alokairuak gastuak estaltzen ditu eta ondarea balioesten.

⟶ Proposatutako metodoa:

Pertsona orok etxebizitza bat izan dezan, 2 urtez baino gehiagoz hutsik diren etxebizitza pribatuak « vacance structurelle » sailean zerrendatzea proposatzen dugu, ondotik haien jabeekin harremanetan jarriz etxebizitza horiek urte osoko alokairu merkatura ekartzera bultzatzeko. Lehentasunez eskaintza sozial baten garatzea bilatuko dugu, eta horretarako alokatze bitartekaritza eskaintzen duten egituretara bideratuko ditugu (Soliha Pays Basque, Toit Pour Tous, Habitat eta Humanisme, Atherbea), zeinek alokatzaileen eta jabeen arteko harremana segurtatzen eta sinplifikatzen baitute.

Era berean, jabegorik gabeko ondasunak identifikatzeko eta berreskuratzeko prozedurak sistematikoki abiatuko ditugu, baita ageriko uzte egoeran diren etxebizitzen jabeak haiek berritzera behartzeko prozedurak ere.

Bestalde, etxebizitza nagusi bat turismorako alokatzeko baimendutako gehienezko egunen kopurua urtean 90 egunetara apaltzea (gaur egun 120 direnean) proposatuko dugu. Neurri honek araudiaren mugan dauden praktika batzuk saihesteko balio izanen du, eta urte osoko alokatzea « errentagarriagoa » bihurtuko du.