Gure ikuspegitik, herritarrak elkarrekin bizitzeko leku seguru eta kolektiboak eskaini behar dira. Bizi kulturala sustatu behar da, izan bakoitzaren adierazpen modu gisa, edo eskaintza aberats eta anitza gozatzeko, hortan jarduten duten elkarteak bereziki lagunduz, eta herriko etxeak ere proposamen egile izanez. Dudarik gabe euskal kulturari eman nahiko genioke leku nagusi bat. Bizi sozialak, jenden arteko trukaketa eta kurutzatzeak egiteko handia lukete ere ikuspegi hortan. Toki egokiak sortu edo antolatu behar dira hortarako.
Bereziki, herri zentro babestu eta dinamizatu bat aurreikusten dugu. Horretarako, herri barneko zirkulazioa birpentsatzea funtsezkoa da gaineko eta behereko plaza berrantolatzeko eta biziarazteko. Proiektu edo bermoldaketa oro herritarrekin pentsatu eta plantan emanen da, gobernantza partekatu batean oinarrituz.
Proiektu nagusi batzu
- Autoen zirkulazioa birpentsatu elizako plazaren babesteko eta leku seguru baten sortzeko. Gisa hortan oinezkoek lehentasuna izanen lukete. Halako bermoldaketak herritarrekin elkarrekin gogoetatu eta finkatu nahi ditugu.
- Kultur Etxe bat sortu, elizako plazaren biziberritzeko eta kulturaren sustatzeko, eskola zaharrean. Eskola zaharra auzolanean edo elkarte ezberdinen elkar laguntzarekin egokituko da. Kaperan edo herriko salan antolatzen diren kontzertu, kantaldi, ikusgarri eta antzerkiez gain beste leku bat eskainiz, proposamen berriekin. Bertan ekitaldi ezberdinak antolatzeko xedea ginuke: erakusketak, hitzaldiak, mintza praktika, elkarteei harrera, belaunaldien arteko topaketak, proiektu pertsonalen garatzeko leku bat, beti ere gure baloreekin bat eginez. Harrera leku bat ere egonen litzateke zerbait hartzeko paradarekin, deneri eta denendako idekia izanen den leku goxo bat.
- Tokiko mozkinen saltzeko /erosteko gune bat. Horretarako eta bide batez plaza biziarazteko hainbat aterabide proposatuko dira: epizeria gisako baten sortzea, AMAP sistema plantan ezartzea, noizbehinkako merkatuen antolatzea edota EPI bat martxan emaitea. Horrek herritarren eta inguruko artisau, laborarien arteko lotura azkartuko luke eta agerian utzi.
- Gaineko plazari ere hats berri bat emateko xedea bada. Horretarako plaza ondoko belardia bermoldatu nahi ginuke. Plaza horren biziarazteko gazteen iritzia eta ideiak bilduko dira haiek baitira leku horretan protagonistak izanen. Hala ere, proposamen bezala “citystade” baten sortzea aurreikusi da, inguruan jarlekuak eta lasaiki egoiteko xokoak sortuz.
- Espaloiak edota bizikletentzat bide bereziak ezarri, zentrotik kanpo bizi direnentzat edota navette/joan-jinkari bat herrian gaindi ibiliko dena. Dudarik ez da auzo ezberdinak ere biziaraztea dugula xede. Auzo bakotxeko biztanleekin aipatuz ideiak proposatzeko eta gogoetak egiteko.
